AUZOLAN
 
 
 

 

AURKEZPENA


Txantrean Auzolan aldizkariaren ibilbidea aspaldidanik auzoan zegoan komunikazio proiektu baten harira hasi zen: Txantrea irratiaren harira hain zuzen ere. 1997ko amaieraldera irratian aritzen ziren partaide batzuk Txantrean auzo aldizkari bat sortzeko aukerak aztertzen hasi ziren. Geure inguruan zeuden auzoetan tamaina honetako ekimenak martxan ziren eta geure buruari galdera sinple bat egin genion, gure auzoan zergatik ez?

Izan ere Txantrean sekulako informazio pila zegoen, auzoak etenik gabe sortzen zuen informazioa, baina beronek ez zuen islarik ohiko komunikabideetan. Honelaxe hasi zen dena, maila goreneko bulegoetatik urruneko informazio andana jasotzen genuen bitartean gertueneko errealitatea urrun zegoen eta auzokideek ez zuten horixe eskuratzeko aukerarik. Bere atarian, etxe ondoan, festa eremuetan, kultur ihardueretan, elkarteen ekimenak, auzokoen eskaera eta proiektuak.. ez ziren bertakoon belarrietara ailegatzen. Horrela eratu genuen auzokideok egin eta auzokideon ahotsa izanen zen komunikabidea, Txantreako egunerokotasunetik abiatu eta auzokideei hitza emanen zien aldizkaria.

Hilabeteak pasatu ahala aldizkariak lehen solasak eginak zituen. Txantrean Auzolan Kultur Elkartea sortu genuen, aldizkaria kaleratzen duena; proiektuan interesa genuen auzoko hamarren bat lagun elkartu ginen. Astero burutzen genituen bileretan aldizkaria bera osatu eta antolatu genuen: itxura, orrialde kopurua, atalak...eta horrekin batera ardura ezberdinak banatu genituen: argazkilaritza, auzolanean egin beharrekoa, idaztea, publizitatea... eta izena? Zaila izan zen, baina azkenean auzoan oso ezaugarri bereizgarria izan denari garrantzia ematea erabaki genuen: auzolanari, taldeko lanari; eta horrelaxe sortu zen azkenean Txantrean Auzolan, segituan izan zuen onarpena.

Geure lehen alea kaleratzeko informazio erakargarri bat behar genuen, eta hori lortu ahal izateko Montxo Armendarizen atean jo genuen. Garai haietan "Bihotzeko Sekretuak" (Secretos del Corazón) filma zela eta Oskar sarien banaketara joatekoa zen. Montxo aldizkariarekin oso ongi portatu zen eta lehenengo aldizkariaren azala izan zen, 1998ko apirilaren bueltan.

Makinaria guztia martxan zen jada. Hilabeteak joan, hilabeteak etorri aldizkaria postontzietako zirrikituetan eta dendetan sartu zen eta denbora epe ez oso luze batean auzokideen artean erreferentzia bilakatu zen. Geure helburua kultura eta komunikazioa auzoan sustatzea izan zen haseratik, eta zentzu horretan elkarteak beste ekimen batzuk ere jarri ditu martxan: Txantreako lehen komertzio gida kaleratu genuen eta Txantrea 1950-2000 argazki liburua argitaratu, azken udal hauteskundeetan hauteskunde eztabaida bat burutu genuen, urtero Eguberrietan eskaparate leihaketa bat antolatzen dugu eta Urte Zahar gaueko jaia Txantrean, orain web orrialde baten eratze lanetan gabiltza...eta oraindik ere proiektu pila bat dauzkagu esku artean.

Hau da Txantrean Auzolanen historia txikia. Batzuetan asmatu eginen genuen eta beste batzuetan okertu, baina gure ustean Txantreak merezi duen aldizkaria lantzea lortu dugu hilabetero hilabetero hobetu ahal izan dugulako. Esan beharrik ez da, hau guztia ez litzatekeela posible izango geure irakurleen maitasunagatik ez balitz, auzoko dendariek eskaintzen diguten konfidantzarik ez bagenu eta gure harpidedunak... eta zuek guztiak animatu nahi zaituztegu komunikazio proiektu honetan apostu egiten jarrai dezazuen.

Auzolanean, auzoa eraikitzen jarraituko dugulako. Gora Txantrea!