KASKALLUETA ELKARTEA

 

 
 
 

 

AURKEZPENA

Zer da Kaskallueta Elkartea?

Kaskallueta Elkartea Arriurdineta Plazan dagoen elkarte euskaltzale bat da. Gaur egun, 108 bazkidek osatzen dute eta hauekin batera beste hainbeste bazkide-lagunek laguntzen dute elkartean dinamika propioa eta sendoa sortzen eta mantentzen.

Kaskallueta Elkartearen helburuak

Kaskalluetak jarduera kulturalak, sozialak, gastronomikoak edo kirolaren ingurukoak bultzatzen ditu. Jarduera horiek ez ditu soilik Elkarteko kideengana zuzentzen, auzora ere zabaltzen ditu, Txantrea auzoa aberastea baitu xede nagusienetariko bat eta gainera, bere egoitza txukun eta goxoa txantrear guztiei eskaini nahi baitie.

Nola eta zertarako sortu zen Kaskallueta Elkartea?

Historia laburra da gurea, 1998an sortu baikinen. Urte batzuk lehenago, Txantreako herri erakundeetan aktiboki parte hartzen zuten batzuen buruan sortu zen aisialdian elkartzeko toki baten beharra, baina era berean, Euskal Herriko adierazpen kultural ezberdinak bultzatzeko balioko zuena. Hala izanik, elkarte baten asmoa hitzetik hortzera zabaldu zen Ikastolako gurasoen artean, Euskaltegian eta Auzotegin herri erakundeetan ibiltzen zen lagunen artean. Horregatik, lehenengo batzar bat antolatu zen norainoko interesa egon zitekeen ikusteko.

Batzar hartan ehunen bat lagun agertu ziren eta horietatik 40 lagun baino gehiago ordurako prest agertu ziren behar zen dirua eta kemena jartzeko eta horrela proiektuari ekiteko. Baina garai hartako baxeren prezioek eta jende gehiagoren beharrak proiektua abian jartzea hiru urtez atzeratu behar izan zuten.

Jende gehiago behar zela eta, hiru urte horietan asmoa bazterrez bazter hedatu zen auzoan, eta azkenik, 1997an baxera egokia Arriurdineta Plazan topatu, eta harrezkero, 70 lagun ziren prest zeudenak. Hortaz, egitasmoan buru belarri sartu, baxera egokitzeko obra lanak zuzentzeko batzorde bat osatu zen eta urtebete pasa ondoren, 1998ko irailean jaio zen gaur ezagutzen dugun Elkartea.

Zer nolako jarduerak antolatzen ditu Kaskallueta Elkarteak?

Lehenago esan bezala, Euskal Herriko Kultura eta ohiturak bultzatzea du xede Elkarte honek. Horretarako, bereziki, batzorde bat osaturik dago Elkartearen barruan hori guztia bideratzeko: Kaskalluetako Kultura Batzordea.

Batzorde honek urtean barna hainbat aktibitate antolatzen du kultura eskaintza elkartean bermatzeko. Baina elkartean bertan ekitaldiak antolatzeaz gainera, Txantreako Euskal Astearen antolakuntzan ere zuzenean hartzen du parte, edo Santa Ageda bezperako egunean, edo Txantreako Ihauterietan edo Txantreako Jaietako Jai Batzordeari laguntza emateko orduan.

Nafarroa mailan, berriz, Orreaga izeneko bilgunean hartzen du parte. Koordinazio honi esker eta Orreagak eskaintzen duen laguntzaz eta babesaz, Nafarroako Kulturaren aldeko ekimenak bultzatu eta antolatzen ditu Kaskalluetak, nagusiki Nafarroako Historia ezagutaraziz eta orohar, gurea den kulturaren transmisioa indartuz. Hori dela eta, hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, erakusketak, azokak eta abar elkartean antolatzen dira, elkarteko kideei ezezik, auzora ere gonbitea emanez.

Aurrekoa gutxi bada, Pilota Sekzioa ere bada Kaskalluetan. Bertan 68 haur eta gazte sartuta daude inguruko eskoletan lan eginez eta oso eskola sendoa osatuz.

Baina Kaskallueta euskaltzalea ere bada. Elkartean euskaldun franko dago eta euskara maiz aditzen da. Baina, guztiok euskaldunak ez garenez, euskarazko klaseak bertan ematen dira bazkideek eta beren lagunek aukera ezin hobea izan dezaten gure hizkuntza ikasteko eta ondoren elkartean erabiltzeko. Izan ere, Kaskalluetan euskararekiko sentsibilitate handia edukitzeaz gainera, konpromisoak hartu nahi ditugu euskararen erabilera areagotzeko.

Hauxe da guztia, bisita egin nahi badiguzu eta gure dinamika lehenengo eskutik ezagutu nahi baduzu, gustu handiz hartuko zaitugu. Gu topatzeko arazorik ez duzu izanen: Arriurdineta Plazan. Elkartean edo Harpea Tabernan.