Auzo honen jatorrian da, duda-izpirik gabe, Espainiako Gerra Zibilaren ondoko miseria. Garai hura gogorra izan zen, zinez, baina herrietako jendeak sufritu zituen gabezia handienak.
Gauzak horrela, jende asko etorri zen hiriguneetara, eta ondorioz, etxe falta izan zen.
Orduan, Etxebizitza Ministerioa zenak neurri bereziak hartu behar izan zituen eta etxe eskariei erantzuteko eta, bide batez, problematika bati erantzuteko eraikuntza-patronatoak bultzatu zituen.

Patronatua

Francisco Franco Patronatoak plan horietako bat sustatu zuen, Madalena auzo zaharretik hurbil, iparralderago. Kaskailuz betetako lurrak ziren, lur azpiko korronte askokoak, gehien bat labore eta garbantzu-soroak. Garai hartan proiektua beste zenbat tokitan jartzeko aukerak ere aztertu ziren, “Cruz Negra” zeritzan parajea konparaziora, Sario aldean, edo gaur egun hirugarren zabalgunea dena (Donibane eta Iturrama).

Orduan Gobernadore Zibilak Txantrean egitea proposatu zuen, ibaiaz bestaldeko lurretan. Toponimo hark, behinola katedraleko Chantrearen ondasunak izan zirenekoa, duela gutxi arte bertako hizkuntza euskara zelako testigantza ematen digu. Berez frantsesezko jatorria duen hitz horrek –ea –ia bukaera hartu zuen, euskararen artikuluari dagokiona seguruena.


Francisco Franco Patronatoa eratutakoan zenbait erabaki hartu ziren. Lurrak Udalak jarriko zituen, dohainik. Udalak, beraz, Cándido Urrizola jaunari erosi zizkion, 10.000 pezetan erregua, guztira 636.100 pezeta. Halaxe esaten digu Udalak 1949ko irailaren 26an egindako osoko bilkurako aktak.

Bestetik, Diputazioak eraikuntzarako behar zen zura eman zuen, Urbasa menditik ekarria. Harria, berriz, Ezkaba mendiko harrobietatik atera zen. Materiala eta altzariak patronatoak jarri zituen, guztira 44.000 pezeta inguru familiako.


Eta biztanle izanen zirenek konpromisoa hartu behar zuten larunbat eta igandeetan lan egiteko, baita astegunetan lau orduz lan egiteko ere, betiere bakoitzaren lanaz gain. Berehala lan-taldeak antolatu ziren Txantreako lehenbiziko fasea izanen zena eraikitzeko. Bigarren fasea eta bosgarrenaren parte handiena ere horrela egin ziren, jabe beharrek eginak.

igo

Lehenbiziko harria

Igande batez, martxoaren 10a zen, hasi ziren lanean lehenbiziko taldeak, neurriak hartzen, lurrak zelaitzen... eta martxoaren 19an, agintari asko bertan zirela, jarri zen lehenbiziko harria, gaur egun Federico Mayo kalea deneko lehenbiziko zenbakian (Federico Mayo Etxebizitzako zuzendari nagusia zen).

Sumatu zuten, nonbait, Txantreak nolako inportantzia izanen zuen handik urte batzuetarako Iruñearen historian, artzapezpiku jaunak lurrak bedeinkatzearekin batera solas hauek egin baitzituen: “Gaur Txantrea auzoa izanen denaren lehenbiziko harria jartzen ari gara. Txantrea Iruñeko hiriko auzoa izanen da, baina ailegatuko da eguna asko hazi eta gero Iruñea Txantreako auzoa izatera pasako dena”.


Ondoren aktak irakurri ziren eta metalezko kutxa txiki batean eguneko egunkariak, santu batzuen erlikiak, txanpon batzuk eta beste zenbait gauza sartu ziren... Horretarako egindako zuloan sarturik, agintariek lehenbiziko porlan-paletakadak bota zituzten eraikuntzaren sinbolo zen harriaren gainean.

Egunkariek diotenez ekitaldiaren bukaeran bertan zirenei ardo espainiar bat zerbitzatu zitzaien, eta hamaiketako eder eta gozoak, baina hartaz oroitzen direnek, berriz, txistorra besterik ez zela diote. Bestelako garaiak ziren.

igo

Bere burua eraiki duen auzoa

Auzoko bizitzan, hasieran behinik behin, eragin handia izan zuen berezitasunetako bat auzolana izan zen, hau da, bizilagunek berek beren etxeak egin behar izatea, 15-20 laguneko taldetan banaturik. Lan-talde horietan langile adituak behar ziren (igeltseroak, aparejadoreak...) obrek aurrera egin zezaten. Patronatoak zenbait gauza ematen zituen: etxebizitzen proiektua, gainbegiratze-lan teknikoa eta materiala. Jendeak, berriz, esku-lana eta behar ziren erremintak jartzen zituen.

Etxebizitza-talde bakoitza behin eginik, etxeak langileen artean zotz egiten ziren. Lan baldintzak gogorrak ziren. Igeltseroez beste guztiek beren lan-jardunaz gain beren etxea egiteko lana egin behar zuten. Ordu asko ziren, asteburu eta guzti.

Kontuan hartzekoa da Txantreako bizilagun izanen zirenak ez zirela Txantrean bizi eta villavesarik ere ez zegoela. Beraz, oinez etorri behar izaten zuten, edo suerte eta diru pixka bat zutenak bizikletaz. 200 pezeta inguru balio zuen bizikleta batek, eta hori asko zen gehientsuentzat. Langile bati bizikleta lapurtu omen zioten, eta etxeari uko egin behar izan zion, ez zuelako denborarik bizi zen tokitik oinez etortzeko.

igo

Argirik gabe egiten zuten lan

Jende haien bizi-baldintza latzez gain, etxegintzako orduko lan gogorrak aipatu behar dira. Estolderiarako, esaterako, ia zazpi metro sakoneko lubakiak egin behar ziren, eta ez dezala pentsa inork oraingo makinak zeudenik. Bestetik, etxeak egiteko epea ahalik gehiena laburtzeagatik, maiz gauaz ere egiten zuten lan, argi gutxirekin, eta gero muruak oker azaltzen ziren. Bota eta berriz hasi behar! Argiarekiko ordutegia zabaltzeagatik batzuetan kontadoreak bortxatzen zituzten. Igandeetan goizeko 6etan “jaisten” omen ziren eta, jakina, artzapezpikuak bula emana zien egun horietan lan egiteko. Josefinetan meza bat zuten goizeko 5etan, igandeko betebeharrarekin konplitu ahal izan zezaten.

Irri eta burlak, neke eta zailtasun... (“etxeak akaatzen dituzuenen eztira zuentzat izanen...”) langile horien izerdiari eskerrak, 1952. urtea iritsi eta etxeak zozketatu ziren.Pasatuak ziren sufrimenduak, beste norbaiti ordaindu beharra gaixotzen zen langilearen ordezko izateko, eta taldeen laguntza bilatu beharra soldadu joan behar zuenaren etxea eraiki ahal izateko…

Gizon horiek, beren etxeak eraikitzeko premia eta adorea izan baitzuten, oharkabean, auzoko lehenbiziko auzolana egina zuten. Berrehun etxebizitza, harriz harri eginak, gaur egun María Ana Sanz eskola dagoen tokiko errekastotik ura garraiatzen, erremintetan ere gabezia handiak zituztela. Ez ditzagun ahantz emakumeak, etxeak egin bitartean familiak aurrera ateratzen baitzituzten, etxetik kanpora lan egitea ongi ikusia ez zegoen garaian.

igo

Bigarren fasetan

Gaur eguneko Txantrea izanen zenaren ernamuina zenbait fasetan eraiki zen. Lehenbizikoa San Kristobal etorbidetik Lucio Arrieta kalera bitartekoa da. Auzoko lehenbiziko eskolak ere eraiki ziren: Ama Salestarren Lanbide Eskolak, nahiz eta lehenago ere Madalenako eskolatako erabili ziren geroago Belén Haurtzaindegia izanen zena. Haurtzaindegi gisa Felix Plaza ondoko egoitza erabili zen, Santa Teresa izena hartu zuena. Garai hartakoa da “El Hogar del Productor”· deitutakoa ere, langileen beharrak asetzeko. Felix ostatua gizon askoren biltoki bihurtu zen. Horrekin batera, futbolari loturik, Unión Deportiva Hogar Chantrea sortu zen (hasieran 150 bazkide ziren). Bilerak “El Hogar del Productor”eko egoitzan egiten ziren.

Bigarren fasea, aurrekoaren moduan egin zena, 1960. urteko urrian amaitu zen. Garai honetan San Jose parrokia eraiki zuten, 1953. urteko irailaren 29an inauguratu zutena. Hasiera batean, eliza hau ikastetxe baten kapera partikularra izan behar bazen ere, azkenean auzo osora zabaldu zuten. Antzeko zerbait gertatu zen eskoletako kontsultategiarekin, anbulatorioa eraiki arte auzoaren zerbitzu medikuaz arduratu zena. Haurrentzako Beorlegi kaleko plazatxoan zegoen lokal bat erabiltzen zuten, gaur egun udalaren Auzo Unitatearen egoitza dena.

Lehendabiziko ospakizun herritarrak auzokideei giltzak ematearekin batera gertatu ziren. Nahiz eta agintari batzuk agertzen ziren, Gobernadorea edo garaiko alkatea kasu, bizilagunak ziren ospakizun hauen protagonista nagusiak, eta hauetan txistuak, gaitak eta dantzak uztartzen zituzten. Gisa honetako lehenengo ekitaldiak Ama Salestarren aretoan egiten ziren. Rastro plazako etxeen txanda ailegatu zenean, aurrekoa gainditu eta plazan bertan eszenatoki bat jarri zuten, fami-lia berriei ongi etorri beroa eginez. Aldi berean, parrokiaren magaletik garrantzi handia hartuko zuen gure auzoko lehen talde soziala sortu zen: San Jose abesbatza. 1955. urteko apirilaren 24an lehenengo kontzertua eman zuten, bere sortzailearen zuzendaritzapean, Manuel Elvira, ordutik abesbatzak izan duen zuzendari bakarra.

igo

Armonia Peña

Antza denez, jende gaztearen kezkek ez zuten biderik egokiena aurkitu Felixen plazan eman zitzaien lokalean (Frente de Juventudes). Hau dela eta, 1956. urteko Sanferminetan, Peña Alegria Txantreana sortu zuten. Beharrezkoa zen gobernu-baimena jaso ahal izateko, peña honek izena aldatu behar izan zuen, Alegria Armoniagatik aldatuz, honen aurretik sortutako Alegria de Iruña peñaren izen bera ez izateagatik. Izen berria aukeratzeko orduan oso kontuan izan zuten armarriaren inizialak dagoeneko grabatuta zeudela.

Azaroaren 29an, San Saturnino egunean, lehenengo zuzendaritza batzordea eratu zuten. Ordurako 100 bazkide zituen, guztiak gizonezkoak, arestian aipatu den emakumezkoaren bazterketa dela-eta, 70. hamarkada arte luzatuko zen egoera. Hileroko kuota 15 pezetakoa zen eta lehenengo zereginetako bat Sanferminetarako abonoak lortzea izan zen. Turrillas maisuak egin zuen himnoa eta honetarako peñako tronpetajolearen laguntza izan zuen.

Armonia Txantreanak auzoko arlo sozialaren suspertzean oso paper garrantzi-tsua jokatu zuen. Hurrengo urteetan mendi taldea, txistulari taldeak, Boscos txapelketarako futbol taldea, rondalla bat, karitaterako atal bat, dantza taldeak, dantzaldiak Felixen patioan eta zine jaialdiak antolatuko zituzten. Azken ekimen honek, ordurako eraikita zegoen Txantrea zinematokian egiten zuten.

igo

Auzoa hariz doa

1958. urtean, Urmeneta jauna alkatea zela, Rastro plazan Iruñeko Kutxaren lehenengo bulegoetako bat inauguratu zuten, gelaxka ziztrin batean zegoena. Oso gertaera nabarmena izan zen auzorako eta bertaraino hurbildutako hiriko begiluze asko antolatu zen festa politarekin harrituta gelditu ziren. “Kasualitatez”, hau guztia auzokideen lehenengo aurrezkiak izaten hatearekin bat gertatu zen.

Hamarkada honetan ere Federico Mayo (gaurko Arturo Kanpion) eta San Benito ikastetxeak eraiki zituzten. Azken honetan ìMovimientoîaren emakumezkoen atala egongo zen eta bertako ikasleek, besteak beste, kantu gregorianoa ikasiko zuten. Federiko Mayo eskolen ondoan 1959. urtean liburutegi bat jarri zuten, gaur egun Atarrabia etorbidean dagoena.

Bizitza soziala peña, igerilekua, ikastetxeak, San Jose parrokia eta zinematokiaren inguruan egituratzen zen. Auzoko gune zaharreko biztanleria gehienbat Iruñerritik etorritako jendeak osatuko zuen, baita mendialdetik eta erriberatik etorritako mul-tzo bat ere. Haien lehenengo lanak, besteak beste, udal zerbitzu eta Construcciones San Martin eta Barcos bezalako entrepresetan izan ziren. 60. hamarkadan industria alorrak garapen handia ezagutu zuen eta honen ondorioz Estatu espainiarrako zonalde deprimituetatik migrazio-fenomeno berria izan zen. Hau dela eta, Iruñean etxebizitzen eskari handia gertatu zen berriro ere.

1959. eta 1960. urteen bitartean, Lan Ministeritzak Virgen del Camino Lanbide Eskola eraiki zuen, 1963. urtean Maria Ana Sanz eskoletako lehen fasea amaitu zuten, 1965.ean Jesuitinas ikastetxea amaitu zuten eta 1964.ean Opus Deik Irabia ikastetxea sortu zuen. Urte horietan Maria Ana Sanz ikastetxeak hartuko zituen auzoko haur gehienak eta gainpopulazio handia ezagutuko zuen, mila ikasle inguru izateraino.

igo

Orvinak

Gune zaharra amaituta, eta hazkunde demografikoari erantzuteko, hurrengo urteetan zabalgune berriak egin zituzten, Gares plazako etxeetatik hasita. Beranduago etorriko ziren San Cristobal eta Elo kaleen artekoak, Orbinen eta Santa Teresa Kooperatibako lanak hasi ziren. Honela, auzoak gaur egun duen itxura hartzen hasi zen.

Etengabeko hazkunde honek San Jose parrokiaren zatiketa ekarri zuen, Santiago parrokia berria sortuko zen Irubideko zelaien ondoan kokatuko zena. Elizak erabakia 1963. urtean hartu zuen, baina 1969. urte arte ez zen eraikina egin. Arkitektoa Javier Guibert izan zen eta eliza honek 20 miloi pezetako kostua izan zuen.

Bere garaian, orduko estiloekin bat zetorrela esan zuen prentsak eta aditu askoren bisita jaso zuen, honen orijinaltasuna erakarrita.Parrokia honek hainbat ekimen jarri zituen martxan eta honela Santiago abesbatza sortu zen, 1977. urteko San Fermin prozesioan bere lehenego emanladi jendetsua egingo zuena, “Jota ofrenda a San Fermin” famatuarekin.



1968. urterako Lehenengo Orvina amaitu zuten. Ezkaba plazak, eraikin hauen artean sortuta, auzoaren bizitza sozialean garrantzi handia hartuko du. Era berean, parrokia berri baten beharra ikusi zen eta 1970. urteko otsailaren 20an kanonikoki sortu zen, artzapezpikuaren dekretu baten bitartez, San Cristobal parrokia berria. Hala ere, ekainaren 15ean hasiko zen martxan lehenengo apaiz-taldearen iristearekin batera, Eloy Fernandez parrokoarekin.

San Cristobal parrokiak auzoaren sustapen kulturala eta langileen borroken aldeko konpromisoa izango ditu ezaugarritzat. Parrokiaren lehen eraikina Ama Kanosianestarretan egon zen. Hauek, 60. hamarkadatik Aznarez kalean zegoen orden erlijioso baten kideak ziren eta 1965. urtean helburu bikoitza zuen eraikin bat egin zuten: gormutuak zaindu eta formakuntza gune bezala erabiltzeko. Bokazio falta zela eta, formakuntzarako aurreikusitako atala parrokiarako bideratu zuten eta mojek lehen eta bigarren hezkuntzaren ardura hartu zuten. Aldegin behar zutela ikustean, irakaskuntzari utzi eta gelak Udalaren eskutan utzi zituzten. Honen ondotik, eraikina Nafarroako Gobernuari saldu zioten, pertsona gormutuentzako zerbitzua bere horretan mantentzearen baldintzaz. Gaur egun, eraikin horretan Eunate euskal institutoa dago eta 1992. urteko ekainean San Cristobal parrokiako eraikin berria inauguratu zuten.

1970. urtean bi nezkazarien etxea eta San Antonio apezetxea zegoen lekuan Bigarren Orbina eraikitzen hasi ziren. Dorreak Atarrabia etorbide, Ubidearen eta San Cristobal bideen artean kokatu zituzten. Ordurako, dagoeneko 1.200 familia erosiak zituzten eraikitzen ari ziren etxe horiek. Landabengo NADECO entrepresak aurrefabrikatutako panelekin egindako etxeak ziren. Hilabete horietan kamioen joan-etorri handia zegoen Martzelo Zelaieta eta Atarrabia etorbidetik eta lanak egiteko moduak zein eraikin hauen estilo berriak ikusmin handia sortu zuten. Lehenengo giltzak 1970. urteko irailean eman zituzten. Hortik aurrera, 1972. urteko amaiera arte, etxebizitza guztiak emango zituzten.

Parrokia 1970. urteko maiatzerako dagoeneko eraikita bazegoen ere, 1973. urteko martxoan inauguratuko zuten Tomas Arrarasek egindako eliza. Ordurarte elizkizunak Esclavas elizan egiten zituzten.

Orduan eskolarik ez zegoenez, parrokiak behar honi egin zion aurre, bi urtez bere aretoetan 150 ikasle hartuz. 77-78 ikasturtean Orbinako eskolak jarri zituzten martxan, gaur egungo Garcia Galdeano ikastetxea dena. Urteen poderioz, bizilagunek hainbat azpiegitura lortuko zituzten: Ezkaba kiroldegia, Munduko Parkea eta San Cristobal etorbidearen berritzea, esate baterako. Bestetik, Iparraldeko Ronda egin zenean auzoak Ezkaba mendiarekin historikoki izandako lotura moztuta gelditu zen.
Bizilagunen protesten ondotik, errepide honen gainetik oinezkoentzako pasabide batzuk egin zituzten.

Auzoak batxiler ikastetxe bat behar zuenez, 1972. urtean Padre Moret institutoa egin zuten, Irubide izenarekin ezagutzen dena, bertan kokatuta egoteagatik. Urte berean Hirugarren Orbinaren eraikitze lanak hasiko ziren, 1974. urtean amaituko zituztenak, bigarrenaren etxebizitzekin antz handia duena.

igo

Transizioa

Auzoak 60. hamarkadatik aurrera ezagutuko duen handitze honetan batez ere jende gaztea izango da protagonista, bereziki bikoteak. Gehienak nafarrak ziren, baina Andaluziatik, batez ere Jaendik, etorritakoak ere izan ziren, eraikuntza lanetan arituko zirenak, Aragoikoak industriarako edota asturiarrak Potasaseko meatzategietarako bezala.

Hasierako urteetan Txantreak jaiotze-tasa handia izan bazuen ere, beranduago hauek egonkortuko dira. 1970. urtean 19,9ko tasa izango du auzoak, hiriaren bataz bestekoa baino txikiagoa. 1981. urtetik aurrera zahartze prozesua gero eta handiagoa izango da.

1974. urtean Udalak Alemanetako plana onartu zuen, bertan 1.170 altuera gutxiko etxebixitzak eraikitzeko, zortzi solairuekin. Bizilagunek aurre egin zioten asmo honi ez zuelako ingurunearekiko errespetua kontuan hartzen ezta azpiegituara soziala ere. Besteak beste, erakusketa bat, asanbladak, sinaduren bilketa eta aldarrikapen jaiak antolatu zituzten. Planak hainbat aldaketa izan zituen 1994. abenduan eman zen azken onarpenaren aurretik.

igo

Auzo konfliktiboa

Besteak beste, esperientzia honek, Atarrabia etorbidea asfaltzaren aldeko bo-rrokek, gau eskolaren eta Auzotegiaren sorrerek mobilizazio eta antolakuntzarako joera berezia iragarri zuten. 70. hamarkadatik aurrera hau izango da auzoaren garapena bultzatuko zuen gizarte antolaketaren indarra.

Frankismoaren kontrako borrokaren garaian, diktadoera hil berria zela, egoera soziopolitikoa nahiko nahasiarekin eta langile mugimendua gorantz ari zela, herri borrokek bultzada berria hartu zuten eta aldarrikapenek bizilagunen eskariak, lan arazoak eta aldarrikapen politikoak zituzten ardatz. Garai horietan berebiziko garrantzia izan zuten auzo elkarteek.

Auzo elkarteek auzo batzordeak izan zituzten aurrekari, 70. hamarkadan sortu zirenak eta klandestinitatean lan egiten zutenak. Hauek alderdi desberdinetako eta ezkerreko elkarteetako jendeak osatzen zituzten, HOAC, PTE, Mugimendu Komunista eta ORT bezalakoak eta hauen zeregina orduko lan eta gizarte arazoen inguruan izaten zen. 1975. urtean Txantreako auzo elkartea sortu zen, baina traba ugari gainditu behar izan zituen bere legeztapena lortzeko.

igo

Auzolanean

Auzo elkarteak auzo guztietatik zabaldu ziren eta haien arteko elkarlanari ekin zioten. Elkarte garrantzitsuak ziren, pisu handikoak eta Txantrean 50 kide inguru aritzen ziren batzorde desderdinetan lanean: kultura, hirigintza, errepresioaren kontrako lana... Auzoetan eman ziren borroken akuilua izan ziren eta hauen presidenteak oso pertsonaia estimatuak izaten ziren. Txantrean Vicente Rey edo Cecilio Goñi bezalakoak izan ziren presidente.

Urte batzuk beranduago, 80. hamarkadako erdilaldean, Ezkaba Auzo Elkartea sortu zen, baina hau baino lehenago Garcia Galdeanoko guraso elkartea Orbinako suspertzearen alde lanean ari zen. Auzo elkarte hau bideo-komunita-rioaren proiektua babesteko sortu zen eta orduz gero asko izan dira elkarte honek bideratu dituen ekimenak.

80. hamarkada gogorra izan zen, pil-pilean zegoen gatazka politikoak baldintzatuta eta orduan hasi zen Txantrea “auzo gatazkatatsu” bezala ezagutua iza-ten. Poliziarekin liskarrak eta barrikadak ugariak ziren eta atxilotu eta espetxe-ratukoen zerrenda amaigabea egin zen.
Urte luzez, arrazoi politikoengatik preso eta errefuxiatu gehien izan dituen Euskal Herriko auzoa Txantrea izan zen.

Hamarkada horretan ere auzoko ekimen kulturalak ugaldu ziren, Jai Batzordearen sorrerak lagunduta. Euskarak ere bultzada handia ezagutu zuen ikastola eta euskaltegiaren sorrerakin. Orohar, herri mugimendu osoa indartu egin zen.

Azkenik, 90. hamarkadan, auzoak Alemaneseko zonaldean eraikitzea ezagutu zuen eta desiratutako Osasun Etxea lortu egin zen. Dena den, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra izan da hamarkada honetako “protagonista”, Irubideko errepidearen proiektu eta Ezkaba eta auzoko hegoaldeko zonaldean 1.000 etxebizitza berrien eraikitzearekin.